Astigarragako udalerria Gipuzkoako ipar-ekialdean dago kokatuta, Urumea ibaiaren ezkerraldean, kostaldetik 5 km-tara. 11,46 km2-ko azalera eta 17,159 km-tako perimetroa ditu. Iparraldean Donostia eta Errenteriako udalerriak ditu mugakide, hegoaldean, Hernani eta Donostia (Landarbasoa), ekialdean, Errenteria eta mendebaldean, berriz, Donostia eta Hernani.
Kota altuena udalaren iparraldean dago, Txoritokietan, itsasoaren gainetik 317 m-tara. Udalerriaren iparraldean kokatua dagoen Santiagomendi mendiak ere kota altua du, 299 m. Kota baxuena, berriz, udalerriaren mendebaldean dago, erriberan, 4 m-tara. 2-3 kilometrotako desnibel horrek eta beste zenbait alderdi fisiko eta geologikok, aldapez osatutako erliebea osatzen dute. Udalerri hau erreka askok zeharkatzen dute, hala nola, Urumea ibai-adarrak diren Zakurmendegiko erreka, Oianume erreka, Epele erreka, eta Pasaiako ibaira urak biltzen dituen Putzueta erreka.
Udalerri honen paisaia, gizakia ingurunean sortzen ari den aldaketen erakusgarri argia da. Alde batetik, Urumeak itxuratzen eta zedarritzen duen erribera dago, baratzez, negutegiz eta industriaz josia. Bestetik, nekazaritza jarduerak irauten du, non baserriak, belarzelaiak, sagastiak, hostozabal-zuhaiztiak eta landare-mota exotikoen birlandapenak gailentzen diren.
Azken erroldaren arabera (2010), 4.823 lagun bizi dira Astigarragako Galtzaur, Portutxo, Errekalde, Ergobia, Gurutzeta, Benta eta Santiagomendi auzoetan. Gehienak industria alorrean ari dira lanean batik bat, udalerrian bertan dauden zenbait poligonotan, hala nola, Ubarburun, Zamokan eta Bidebitarten, edo eta inguruko herrietan. Zerbitzu-alorrean ere badihardute. Nekazaritza eta abeltzantza jarduerak badirau, nahiz eta familiako ustiapena ez izan. Bestalde, gero eta gehiago nagusitzen ari da sagardogintza, horretarako birlandapen ugari egin direlarik.
Lehen sektorean (nekazaritza eta abelazkuntza) diharduen biztanle kopurua, beste sektoreetan diharduena baino txikiagoa da nabarmen. Lehen sektore honen barruan --edo, agian, industria eta nekazaritzaren arteko erdibidean--, Sagardotegiak dira garrantzizkoenak gure herrian. Ofizialki, Eraldaketarako Nekazal Elkarteak (SAT) izenaz ezagutzen dira.
Industriak begien bistako garrantzia du gure herrian, lehen sektorearekin eta eraikuntzarekin alderatzen badugu behintzat. Astigarragak hiru industrialde ditu: Bidebitarte, Zamoka eta Ibarburu. Batezbeste, industria txikiak dira, 2 eta 10 langile bitarte dituztenak, batik bat.
Jarduera ekonomikoen barruan, merkataritza eta zerbitzuen alorra nagusitzen dira herrian. Funtsean, merkataritza, ostalaritza eta konponketa alorreko jarduerak gailentzen dira. Hain zuzen ere, honako jarduera hauek dira herriko merkatal zentrurik gehienak hartzen dituztenak: elikagaien salmentarekin lotutakoak, tabernak eta jatetxeak.
Monumento interesgarriak
Andra Mariaren Zeruratze parrkokia
Murgiako Andra Maria izenez ere ezagutua, antzinen gotorleku bat izan zitekeenaren tokian dago kokaturik, gaur egun Markesmendi deritzon mendixkaren gainean, hain zuzen. Harlanduz egindako eliza txiki horrek gurutze latindarreko oinplanoa du eta baita bi atal errektangeluarrez osatutako nabe bat ere. Gurutze-galga estaltzen dituzte atalak, galgak pilastren gainean ezarrita daudelarik. Horrez gain, zortzi aldeko abside bat duen gurutzadura bat ere badu elizak. Barrualdean, arkuteria handi baten gainean, korua dago. Elizaren ondoan, ezkerraldean, dorre bat dago. Dorre horrek lau angeluko oinplano du eta 25 m.tako altuera; kanpaiak ere bertan daude. Dorreari atxikita daude sakristia, bataiategia eta zurezko arkupe handi bat, eraikinaren eskuaira bat besarkatzen duena eta sarrera babesten. Arkupe horren gainean Murgiatarren armarria dago. Murgiatarren jauregia elizari atxikitzen zaio oin errektangeluarra duen gorputz baten bitartez, bertako balkoi sotil bat gurutzaduran agertzen delarik.
Azken karlistadan, erretabloa suntsitu zen, eraikineko beste hainbat zati bezala. 1888. urtean Donostiako San Vicente elizatik ekarritako bat jarri zen haren lekuan, baina erretablo zaharraren irudi batzuk gorde ziren. Erretabloan Santa Ana, San Benito, San Inazio eta Zeruratzearen irudiak agertzen dira. Horretaz gain, bi aldare ditu alboetan, bata San Isidrorena eta Andra Maria Doloretakoarena bestea. Bigarren horretan Familia Santuaren mihise bat dago eta etxearen jabe ziren Murgiatarren hilobia.
Murgia Jauregia
Andra Mariren edo Murgiako Andra Maria deritzaion elizaren ondoan dago eraikuntza bikain hau. Murgiatarren dorretxe zahar hau erraustua izan zen 1457. urtean Enrique IV.aren aginduz. Gero, XVI. eta XIX. mendeetan, zenbait sute jasan zituen Euskal Herrian izan ziren guduak zirela eta.
Oin errektangeluarra du eta hiru solairu (behekoa eta beste bi horren gainean), lau isurkiko estalkiak dituztenak. Berdindutako harlanduz eginiko murruen zati handi bat gordetzen du oraindik.
Joan den mendearen bukaeran eraberritua izan zen, oraingo sarrera nagusiaren gainean Murgiatarren armarria ageri delarik. Azken eraberritze-lanek, alboan dituen zurezko begiratoki gotikoak, jatorrizko eskailera inperiala eta aurrean dituen lorategiak hartu zituzten.
Jauregiak artxibo historiko bat gordetzen du eta baita arras interesgarria den liburutegi bat ere.
Santiago Baseliza
Eraikuntza apal hau izen bereko mendiaren gailurrean dago kokaturik. Oinplano errektangeluarra du eta nabe bakarra, bertan dagoen absidea zuzena delarik. Harlangaitzez eraikita dago, ziurrenik mendean, eta zenbait ezarkin ditu aurrean eta alboetan. Aurreko aldean, espadaina gisa errematatua eta kanpai bat duelarik, erdi-puntuko arkuz egindako sarrera zaharra dago. 1989. urtean, eskubiko aldea eraberritu zen eta Naturaren Aterpetxe-Eskola bertan jarri.
Barruan, XVII. mendeko erretablo sotil bat dago eta bertan San Sebastian, San Kristobal, Kristo eta Santiago agertzen dira, azken hau zaldi gainean eta eskuan ezpata duela. Antzina, Santiago erromesaren taila bikain bat zegoen, ziurrenik ere XIII. mendean alabastroz egina; gaur egun elizbarrutiko museoan dago irudi hori.
Udaletxea
Eraikuntza nabarmen hau XVIII. mendearen hasieran egin zen. Oso handia da, Euskal Herrian garai hartan eraiki ziren udaletxeen arkitektura tankerakoa. Fatxada nagusia harlanduz egina dago eta beheko solairuan erdi-puntuko 5 arku daude, 4 zutabetan oinarrituta; halaber, behebarru zabala dago etxearen sarreraren aurrean. Goiko solairuek balkoietarako hutsuneak eta balkoiak dituzte. Udal armarria ere badu.
Nobleza
Gurutzeta auzoan, erriberan, dago kokaturik eta Gipuzkoan egon ziren lehenetarikoa da etxe hau. Aldaketa handiak jasan dituen arren, harearriz landutako armarri txiki bat du fatxada nagusian. Bertan, pelikano bat ageri da, bularrei mokoka, jaurtitako odolaz hiru txitoak elikatzen ari dena.
Plazaetxea
Santiagomendi auzoan kokatutako baserri-etxea. Hau izan zen udaletxe zaharra. Aurrealdean erdi-puntuko arku bi ditu, behebarru zabal baten atari gisa, eta horien gainean armarri bat ageri da, zirladun ertzatu batez inguratua.
Goikoetxea
Santiagomendi auzoan dago kokatua, izen bereko baselizara doan bidearen ondoan. Asaba-etxe zahar horrek, erdi-puntuko sarrera dobelatua du, eta JHS anagrama eta Maltako gurutze bat klabean zizelatuak. Bertatik gertu, gar txikiko kare-labe bat dago, oraindik nahiko ongi gordeta dagoena.
Bortanea
Goikoetxeatik hurbil, Bortanea baserriak, berreraikia izan den arren, Erdi Aroko tankerako fatxada du atzealdean. Erdipuntuko sarrera dobelatua du eta bi leiho konopial bikoitz, desmuntatutako mainel eta guzti.
Ergobiako Zubia
Ergobiako ibi historikoan dago kokaturik eta bertatik igarotzen zen Gaztela eta Frantzia lotzen zituen errepidea. Urumea ibaiaren gainean harriz egindako lehen zubia izan zen, leku horretan bertan antzina zegoen zurezko zubi baten ordez jarria. Kareharri landuz egina dago eta beheratutako erdi-puntuko hiru arku ditu, zubi-bular indartsuak ditu kontrakorrontean eta uretan behera.Behinolako tankera eta itxura sendoa mantentzen ditu gaur egun, aldaketa eta gehiketa ugari egin zaizkion arren.
Txoritokietako Gaztelua
Txoritokieta mendian, herriaren ipar-ekialdean, Errenteriako mugan, kokatutako guda-ingeniaritza eta arkitekturaren aparteko lana dugu.
Joan den mendearen bukaeran eraikia, harri-bizian landua izan zen eta harlanduz bukatua. Ipar-mendebaldean dagoen San Markos gazteluaren hegoaldeko saihetsa defendatu asmoz egin zuten, mugako defentsarako saila indartzeko. Egundaino jatorrizko hainbat elementu gordetzen ditu, hala nola, lezioiak, murruartekak, gordelekuak, lubetak, eta abar.
Astigarragako ibilbideak
Santiagomendi Etnografi Parkea
Azken hamarkada hauetan zehar, gure baserrietan izandako eraldaketa handien ondorioa, eta zehazki, ia guztietan gaur egun burutzen diren nekazaritza-lan gehienetarako bitarteko mekanikoak ezarri izanarena, aberetiraketaren bidezko laborantza eta garraiorako tresneria bat-batean uztea izan da eta, beraz, zokoratu egin dira lursailak luberritzeko, jorratzeko eta abarretarako, edota era guztietako zamak garraiatzeko erabiltzen zirenak.
Testuinguru honetan, Astigarragako Udalak, nekazaritza eta abeltzaintzaren alderdi hau ezagutzea zein interesgarria den jakinda, eta garatzen ari den kultur proiektu zabalaren barruan, egoki iritzi dio Udalerriko zenbait baserrien laguntzaz kultur ondare preziatu hau ahaztuta dagoen bazterretatik ateratzeari eta bere ondare izaera itzultzeari, multzo adierazgarri batekin erakusketa antolatuz, langai horien ezagupena bultzatu eta hedatzeaz gain, babestu eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko.
Santiago bidea
Astigarragako herritarrek antzinatik izan dute Santiago apostoluarenganako debozio handia, eta ez bakarrik Gipuzkoan barrena doan Donejakue-bidea bertatik igarotzen delako, baita mendiari izena eman zion santuaren izen bera daraman ermita duelako ere.
Ermita horren jatorria mendi horretako "Belemnites" (bastoi forma duena) eta "Pecten Aequivalvis" (erromesen maskorra) fosiletan datza, izen ere, herritarren ustez fosil horiek apostolua lur hauetatik igaro zela adierazten dute.
Santiagomendiko Natur Estola eta Aterpetxea
Astigarragako Udalaren Santiagomendiko Natur eskola - Aterpetxea, kultur aurrerapenaren adierazpen gisa sortu da, gure gizarteak ingurugiroaren arazoarekiko, bai eta aisialdirako alternatiba gisa natura ezagutze eta gozatzearekiko duen sentsibilizazio gero eta handiagoaren erantzuna eta laguntza izan nahirik.
Txoritokietako eta Langagorriko Monolitoak
Hareharrizko bi bloke horiek aske daude, lurrean tinkatuta. Burdin Arokoak dira eta Txoritokietatik eta Urritzaga baserritik (Errenteria) gertu daude.
Murgia Herri Parkea
Murgia Parkea garai batean Markesaren lorategia zen lekuan eraiki da. Astigarragako Udaletxeak Markesarekin egindako hitzarmenaren ondorioz, betidanik Markesaren lorategia izan dena parke publikoa izatera pasa denean, Murgiaren muinoaz gozatzeko garaia: irekia delako, herritarrona delako.
Sagardoetxea
Sagardoetxea sagardoaren kulturaz gozatzeko leku bat da, euskaldunen identitate eta ohituren ezaugarri. Naturarekin harremanetan ikasteko leku bat, ikusi, ukitu eta dastatuta...Txotx!
Jatetxeak
Jatetxea | Helbidea | Telefonoa |
---|---|---|
Akelenea | Oialume bidea 57 | 943 333333 |
Amets | Donostia Ibilbidea 76 | 943 551838 |
Beizama | Ergobia Plazatxoa 12 | 943 550042 |
Ekaitz | 943 553943 | |
Ergobia | Ergobia Plazatxoa 19 | 943 553301 |
Ermaña | Manixene bidea 1 | 943 555549 |
Estanco | Ergobia Plazatxoa 14 | 943 550029 |
Goiko-Itturri | Foru Enparantza 11 | 943 557867 |
Ibai-lur | Nabarra Oñatz kalea 1 | 943 335255 |
Kako | Kale Nagusia 19 | 943 551741 |
Kiroldegia | 943 333676 | |
Las Vegas | Errekatxo Enparantza 2 | 943 553498 |
Mª Angeles | Oialume bidea 24 | 943 550348 |
Yalde | Oialume bidea 34 | 943 330530 |
Menditxo | Altza bidea 5 | 943 357202 |
Mikaela | Kale Nagusia 18 | 943 551007 |
Perurena | Landarbaso bidea 2 | 943 514551 |
Roxario | Kale Nagusia 96 | 943 551138 |
Txingurri | Donostia Ibilbidea 90 | 943 336049 |
Sagardotegiak
Sagardotegia | Helbidea | Telefonoa |
---|---|---|
Alorrane | Petritegi bidea 2 | 943 336999 |
Artola | Ioltza bidea 19 | 943 557296 |
Astarbe | Txoritokieta bidea 13 | 943 551527 |
Bereciartua | Iparralde bidea 16 | 943 555798 |
Buenaventura | Altza bidea 5 | 943 357202 |
Etxeberria | Sagardotegi Zeharra 5 | 943 555697 |
Gartziategi | Martutene Ibilbidea 139 Gartziategi baserria | 943 469674 |
Gurutzeta | Oialume bidea 63 | 943 552242 |
Irigoien | Iparralde Bidea 12 |
943 550333 |
Ipintza | Santio Zeharra 11 | 688811724 |
Larrarte | Muñagorri enea | 943 555647 |
Lizeaga | Martutene Ibilbidea 139 Gartziategi baserria | 943 468290 |
Mendizabal Sagardotegi | Zeharra 2 | 943 555747 |
Mina | Txoritokieta bidea s/n | 943 555220 |
Oialume Zar | Mikel Arozamena Bidea 17 | 943 552938 |
Oiarbide | Oiarbide bidea 12 | 943 553199 |
Petritegi | Petritegi bidea s/n | 943 457188 |
Rezola | Santio Zeharra 12 | 943 556637 |
Sarasola | Oiarbide bidea 16 | 943 555746 |
Zapiain | Kale Nagusia 96 | 943330033 |
Farmaziak
Izena | Helbidea | Telefonoa |
---|---|---|
Aguado Farmazia | Kale Nagusia, 21 | 943 550327 |
Udaletxea/ Direktorioa
Kultur etxea
Beste telefono batzuk